Getxoko Udalaren Gazteria arloaren zinegotziak, Koldo Iturbek, deialdiaren arrakasta azpimarratu du “aurkeztu diren proiektuen kopuruagaitik eta euren kalitateagaitik. Halaber, oraingo honetan, hautatutako gazteek aholkularitza profesionala izan dute euren proiektuak hobetzeko, eta aukera hori oso ondo baloratu dute”.
Koldo Iturbek gogoratu du Getxoko Udalaren Gobernu Taldearen helburu estrategikoenetakoa dala umeei eta gazteriari zuzendutako politika bereziak bultzatzea eta garatzea, baita ere, elkartuta ez dauden gazteen ekimenak sustatzea. “Izan ere, Wanted lehiaketa gazteen parte hartzea eta euren sormen gaitasuna sustatzeko beharraren aurrean sortu zen, gazteek beraiek proposatuta”.
“Norabide guztiak”
Leire Muñozek, Patricia Andrések eta Cristian Villavicenciok egindako dokumentala da. Atzerrian jaiotako gazte getxotarren bizipenak erakusteko dokumentalaren proposamenak “Wanted” izeneko lehiaketaren lehenengo saria jaso du, 4.500 eurokoa. Cristian Villavicenciok azaldu duenez “dokumentalak giza hausnarketarako formatua izango du. Immigrazioaren lehenengo uholdean, orain dela hamar bat urte, heldu ziren gaur egungo 15 eta 18 urte arteko gazteen bilakaera eta adaptazioa erakutsi nahi dugu”. Dokumentazio lana hasi dute jada. Hilabete barru filmatzen hastea espero dute eta urtearen amaierarako dokumentala bukatuta izatea.
“Decoración urbana audiovisual”
Bigarren saria “Decoración urbana audiovisual” izeneko proposamenarentzat izan da. Adriana Garciak, Angela Gómezek, Amaia Gómezek, Paula Garciak eta Cecilia Contrerasek egindakoa da. 1.960 euro jasoko dute pertsonen eta ikus-entzunezkoen arteko harremanak sustatzea proposatzeko. “Getxon, skype programaren bitartez, eskala handiko bideokonferentzia sortu nahi dugu. Abenduaren 18an, Etorkinen Egunean, Algortako San Nikolas plazan egitea gustatuko litzaiguke. Bertara joango diren pertsonek, munduko beste herrialde batera dei bat egiteko aukera izango dute eta hori pantaila handi batean, eskala handian, eta Getxo atzean ikusten dela, proiektatuko da”.
“Giza Art”
Hirugarren saria “Giza Art” ekimenarentzat izan da, arte birtualaren galeria baten proiektua, bertoko artista gazteek beren lanak ezagutzera ematera lagunduko duena. Joana Beasainek, Naroa Azurmendik eta Asis Aranzibiak egin dute proiektua eta 1.540 euro jasoko dute.
Getxoko Udaleko Gazteria Zerbitzuak “Wanted” izeneko ideia lehiaketa deitu du, ideia edo lan proiektu bat duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta.Proposamenak udalerrirako interesgarriak izan behar dira eta arlo askotakoak izan daitezke. Izan daitezke antzezlan txikiak, performanceak, filma laburrak egitea, erakusketak, edozelako lehiaketak antolatzea, web orriak, blogak, aisialdi jarduerak (hala nola ikastaroak eta tailerrak), gizarte arazoetan sentiberatzeko proiektuak, euskaren erabilera sustatzeko proiektuak, hitzaldiak bezalako dibulgaziozko proiektuak, eta abarrekoak”. Hau da, orotariko proiektuak, berriak izan ala ez, baldin eta gure herriaren gizarte, ekonomia edo kultura aberasten badute.
Prozedura
Interesadunek proiektua 2009ko urtarrilaren 14tik otsailaren 25era arte aurkeztu behar dute. Horretan laguntzeko goidotxo bat emango dute, txantiloi moduan erabiltzeko. Proiektua aurkeztu ondoren bilera batera deituko dute. Bertan hainbat arlotako profesional eta adituk proiektuak hobetzeko proposamenak egingo dituzte, proiektua berriz ere landu eta aurkezteko.
Diru-sariak 500 € eta 8.000 € bitartekoak izan daitezke eta, horietatik aparte, bestelako saririk ere egongo da, hala nola aholkularitza profesionala, orientazioa, formakuntza.
Deialdi honen oinarriak eta proiektuen txantiloia edozein Herritarren Arretarako Bulegotan edo Gazte Informazio Bulegoan eskatu ahal dira (azken honetan informazio osoagoa emango dute). Era berean, wanted.getxo.net orrian ere deskargatu daiteke. Argibideak 944 66 03 53 telefonoan.











