Imanol Landaren bloga

http://ilanda.eu :: http://ilanda.info




Ekitaldi honetan Uribe Kostako Hizkuntza Ondarea Jaso eta zabaltzeko lankidetza hitzarmena sinatzeko bildu gara. Horretarako ,hain zuzen ere, gaur nirekin Juan Olea Mentxaka, Lemoizko Alkatea eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatearen lehendakaria, Eneko Arruebarrena Elizondo, Leioako alkatea eta Joseba Goikuria Zarraga Erandioko alkatea, ditut mahaikide eta alde horretatik nire eskerrak adierazi nahi nizkioke.
Beraz, esan dudan moduan, agerraldi honetan gauden guztiak gure hizkuntza jaso eta zabaltzeari bultzada emateko asmoarekin bildu gara gaur, tokian tokiko garrantzi handia ematen diogulako.
Orain arte udalerri bakoitzean lan egin da esparru horretan eta orain batera jokatzeko une aproposa izan daitekeela uste dugu.
Hitzarmenarekin eskualdeko herri guztietan jasotako materiala bateratzea, kalitatea zaintzea eta guztiok erabili ahal izateko formatuan jartzeko beharra ikusi dugu. Hori dela eta egindako lanak herritarren artean zabaldu nahi dugu, produktu interesgarriak sortuz.
Produktu horiek, besteak beste, ondarea ezagutzera emateko, kultur interesa sortzeko eta ordezkatzen dugun ingurua hobeto ezagutzeko balio behar dute, hori da, azken batean, ekimen honekin honekin.
Hori dela eta helburu hauek zehaztuko ditu lankidetza-hitzarmenak:

-Datozen urteotan monografikoak egitea eta argitaratzea, ingurua eta historia hobeto ezagutzen laguntzeko. Alde horretatik beraz, Monografiek, gure esparru geografikoan gai bati buruzko jakintza-esparru oso bat hartuko dute.
-Bigarren helburua, jasotako materiala egoera txarrean dagoenean (esanahia galdutako abestiak, zentzu argirik gabeko esaldiak, funtzio didaktikoa galdu duten ipuinak...) berreraikitzea izango litzateke

Hitzarmena 2011ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean eta denboraldi honetarako hainbat zeregin ezarri dira, tartean:

*Herri bakoitzak aldez aurretik egin duen lana formatu bateratuan jartzea eta beste edozein erabilerarako sailkatzea.
*Monografia bi egitea: (bata ahozko tradizio errimatuari buruzko monografia eta bestea herri egutegiari eta Uribe kostako mitologiari buruzkoa).
*Hondatutako kultur adierazpenak berreskuratzea eta formatu literarioan jarri eta zabaltzea

Lan hauen aurrekontua 60.000 euro izatea aurreikusten delarik .
Beraz, gure euskararen alde lan egiteko, gure ondare lingistikoa babesteko eta ezagutarazteko, eskualdeko udalerri guztiak ahaleginak batu, estrategiak zehaztu eta guzti horretarako baliabideak jarri egingo ditugu.
Orain, inoiz baino gehiago, denak norabide berdinean arraun egin behar dugulako, dudarik gabe.

Labels: , , , , , ,

Zorionak 11!


Zorionak hamaika telebista!
hamaika betetzeko bidean…laster

Labels: ,

2010eko aurrekontuak aurkeztu nituenean, argi eta garbi adierazi nuen: elkarte sareari bideratzen dizkiogun laguntzak mantendu egingo dira, aurrekontuen aldetik egoera zaila izan arren. Beraz, aurreko astean kirol esparruan egin genuen bezala, orain kultura, euskara eta gazteen txanda ailegatu da.

223.000€ zuzendu ditugu 2010ean kultur eta gazte elkarteei emateko eta euskararen erabilera sustatzeko dirulaguntzatarako. Lehenengoetarako 105.000€ onartu ditugu; bigarrenetarako 28.000€ eta hirugarrena atalerako 90.000€, guztiak Toki Gobernu Batzarrean hartutako erabakien bitartez.

Beraz kultur eta gazte elkarteek eskaera aurkezteko epea otsailaren 14ra arte edukiko dute zabalik eta euskara sustatzeko jardueratarako epea urte osoan egongo da. Eskaerak Udaletxeko Erregistro Orokorrean eta Herritarrak artatzeko Romoko, Algortako eta Andra Mariko Bulegoetan aurkeztu beharko dituzte interesatuek.

Deialdiaren oinarriak www.getxo.net web gunean daude ikusgai.

Kultur elkarteak

Dirulaguntzak 2010.urtean elkarteek beren jarduerak aurrera eramateko edukitzen dituzten gastuak eta ohiko gastuak (lokalen alokatzea, argi-indarra, telefonoa...) ordaintzeko izango dira. Dirulaguntzak erabakitzeko honako hauek hartuko dituzte kontuan: erakundea Getxon zenbateraino dagoen sustraituta, burutzekoa den proiektuak udalerriko kultur ingurumenean duen garrantzia, jardueraren originaltasuna eta egokitasuna, programen kalitatea, bestelako finantzabideak lortzeko zailtasuna, antolamendu eta ekonomia-mailako ahalegina, gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna eta hizkuntza normalizazio eta kultur artekotasunaren aldeko irizpideak kontuan hartu izana...

Gazte elkarteak

Dirulaguntzak elkarte hartzaileek 2010ean beren ohiko jardueren programa aurrera eramateko izango dira eta taldeak 30 urtetik beherako gazteek osatuta egon beharko dira edo bestela beren proiektuak 5 eta 30 urte bitartekoei zuzendu behar dizkiete.
Dirulaguntza jasoko duten jarduerak honako hauek izango dira: gazteen partehartzea eta elkartegintza sustatzeko jarduerak, animazio soziokulturaleko programak, aisialdiko jarduera hezigarriak, gazteen sormenarekin eta kulturarekin lotutako jarduerak, gazteen intereseko erakundeak kudeatzeko trebakuntza eta aholkularitza jarduerak eta oro har, Udaleko Gazteria Zerbitzuaren eremuan sartzen diren proiektu guztiak.
Dirulaguntzak emateko irizpidetako batzuk kultur elkarteei emateko berberak dira baina kasu honetan talde ekintzaileko partaideak ez diren 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako jarduerak ere kontuan hartuko dituzte; edo bazterketan erortzeko arriskua duten gazteei zuzendutakoak edo proiektuan gazteen parte hartzea kontuan hartzeaz gain.

Euskara sustatzeko

Bi dirulaguntza mota daude. Alde batetik hizkuntza gaitasuna areagotzeko eta bestetik, euskararen erabilera errazteko. Lehenengo kasuan dirulaguntzak euskara ikasteko, familia giroan euskara sustatzeko, udaletxeko eta bere erakunde autonomoetako langileek ikasteko eta elkarteetako begiraleek ikasteko izango dira. Bigarren kasuan, bekak begirale eta zuzendari agiria lortzeko, UEUko ikastaroetarako, komertzioen errotuluak ipintzeko, elkarteen irudia euskaratzeko, itzulpen zerbitzurako eta aldibereko interpretazio eta itzulpen zerbitzurako dira.

Labels: , , , , ,

GetxOnegin

Euskal Kulturaren XI. jardunaldia Unai Elorriagarekin

Getxoberrin: Jone, Xabi eta Fredi

Azkue fundazioaren aurkezpena






"Ez dira betiko garai onenak" esaten zuen Gariren abesti ospetsu batek. Kasu honetan eta euskarari dagokionez, Hezkuntza Sailburu sozialistaren azken adierazpenak entzun ondoren, argi dago egia esaten duela. Horregatik, gaur inoiz baino gehiago, eskertzekoa da Azkue Fundazio bezalako ekimenak martxan jartzen direla ikustea.

Hori dela eta ekimenaren aurkezpen publikoan egotea erabaki nuen, nire eta nirekin euskara maite duten getxoztar guztien laguntza osoa emateko.

Bizkaiko Aldun Nagusiak argi eta garbi adierazi zuen bertan botatako hitzetan; Aldundiak ez du euskararen aldeko politiketan atzera botako, eta gu Aldundiarekin.

Ah! azken datu bat; Azkue Fundazioaren web-ean umeak eta gazteak jolasteko jolas birtual bat martxan jarri dute. Bertan, Bilbo eta Getxoko guneak erabiltzen dira, zuzenketa batzuk egin behar badute ere, Getxori dagokionez. Edozein kasutan, esan umeei eta sartu zaitezte, oso dibertigarriak bait dira!



Informazio gehiago: Azkue fundazioa

Labels: , ,

Azkue fundazioa, euskara sarean josten







Mundu berri bat jaio da euskara sustatzeko. Mundu berri bat euskararen erabilera modu ezberdin eta berritzailean sustatzeko.

Sarean.

Teknologia berrien bitartez. Interneten ere euskaraz bizi ahal gaitezen.

Dagoeneko sarean badauden ekimenak bultzatuz. Eta aplikazio, zerbitzu eta lanabes berriak abian jarriz.

Lan egiteko. Ikasteko. Jolasteko. Gozatzeko. Hitz egiteko. Ezagutzeko. Deskubritzeko. Partekatzeko. Barre egiteko. Negar...

Sarean eta euskaraz. Etorkizuna itxaron gabe.

2.0 proiektu bat da AZKUE fundazioa.

Irekia, partehartzailea, bizia.
Creative Commons filosofiarekin. Guztion proiektua.

Sarean egin nahi du lan AZKUE fundazioak.
Sarean, interneten. Eta sarean lan eginez, talde lanean.Erakundeekin, enpresekin eta pertsonekin.

Funtsean gauza berak batzen gaituelako:
“Buruetan izkerak zeinbat gura, bihotzean herriarena doguna.”

Euskalduna baldin bazara.
Eta interneti edo teknologia berriei buruz zer esana baldin baduzu.
Zatoz.

Aurkeztu guri zure egitasmoak.

Gertu gaituzu. AZKUE fundazioak zure mundua izan nahi duelako.


AZKUE fundazioa
euskara sarean josten




AZKUE fundazioaren aurkezpen ekitaldi nagusia azaroaren 4ean, Euskaldunako foyer-ean izango da, arratsaldeko 19:30ean.

Labels: , ,

Baietz neguan txapela geurean



3 getxoztar finalaurrekoetan
Xabi, Jone eta Fredi.

3 data getxoztar euskaltzale guztiak apuntatu beharrekoak:

Azaroak 7, Bergaran (Fredi bertsotan)
Azaroak 8, Gasteizen (Xabi bertsotan)
Azaroak 15, Hendaian (Jone bertsotan)

Udazkenak berri onak ekarri dizkigu Getxora,
baietz neguan txapela geurean.

Laster ikusteko aukera,
Eseri ta gozatu!


Labels: , , ,

Euskara ahora !



Merkatarien eta bezeroen artean euskaraz egitera bultzatzea helburu duen EUSKARA AHORA lelopeko erakusketa inauguratu nuen atzo Algortako Azokan.

Udalerrian euskaraz hitz egiten duten herritarren kopurua gora egiten ari da eta dagoeneko esan dezakegu erdiak baino gehiago edo euskalduna edo zerbait daki eta horregatik euskara gero eta gehiago bere eguneroko gauzetan erabiltzea lortu behar dugu, adibidez egunereko erosketetan euskaraz eskatzera animatuz. Aldi berean, erakusketak merkatariei euskara kalitate gehigarri bat dela ere ikustarazi nahi die.

Euskara Biziberritzeko II Plangintzaren barruan kokatuta, erakusketan Gehi Euskara Merkataritzara egitasmoaren barruan (merkataritzan euskararen erabilera sustatzea helburu duena) azken urteotan martxan jarritako kanpaina batzuk eta beren txartelak ikus daitezke, adibidez, fruta-denda, okindegi, harategi eta arrandegiei buruz egindako txartelak eta materiala. Horiekin batera burututako beste kanpaina batzuk ere ikus daitezke, tartean, Ospatu eta Oroitu, Higiezinen agentzietan euskaraz edo apelliduak abizendu. Euskaraz eskatu ahal izateko beste hainbat adiera ere daude erakusgai: “Nola eskatu euskaraz erraz-erraz?, Nola galdetu produktu baten prezioa eta produktuen hiztegi erreza”.

Erakusketa datorren azaroaren 28ra arte egongo da zabalik, azokaren ordutegian. Hurbiltzen direnei koadernotxo berri bat opatuko diete. Horretan zenbakiak euskaraz, agurrak, elkarrizketa errezak, hiztegia eta abar dira, bezero eta dendariaren arteko harrema euskara izatera laguntzeko.

Ekimen honekin hainbat erakundek eta elkartek kolaboratu dute, tartean, Bizkaiko Foru Aldundiak, EGIZU elkarteak, SENDIk, ALBE, Algortako bertsozale Eskolak eta Algortako Azokako dendariek.

Ekintza osagarriak

Euskararen erabilera sustatzeko eta aldi berean herriko merkataritza sektorea ere eta kasu honetan bereziki, azoka honetan dauden establezimenduen jarduera bultzatzeko, erakusketarekin batera, hainbat ekitaldi osagarri eta interesagarri antolatu ditugu, euskararekin kalitatea irabazten dela uste dugulako. Ekintzat familia osarentzat dira, doakoak eta ez bakarrik euskara dakitenentzat, baita apur bat baino ez dakitenentzat ere.
Lehenengo ekitaldia ARDO DASTAKETA eta hitzaldia Miel Garaizabal sumillerraren eskutik datorren larunbatean, azaroak 7, 12:00etan izango da. Berak idatzitako liburua opatuko da eta izen-ematea etzi, azaroaren 4ra arte egongo da zabalik. Hurrengoa azarareon 14ean izango da, EUSKARA ETA MUSIKA LAGUN, EROSKETETAN TXAPELDUN! lelopean. Gurasoak eta 3 eta 8 urte bitarteko haurrak dantzatzera eta kantatzera hurbilduko dira azokara, erosketak egiten dituzten bitartean. Hilaren 21ean, MERKATUAN BERTSOTAN ekimena izango da, Lizaso eta Peñagarikano bertsolariek lagunduta eta azkenik, azaroaren 28an MERKATUAN KANTETAN, Josu Landetak eta Katxo Larrazabalek gidatuta, liburuxka baten laguntzarekin.

Animatu zaitez eta partehartu!



MP3 fitxategiaren deskargarekin nire adierazpenekin (I).




MP3 fitxategiaren deskargarekin nire adierazpenekin (II).

Labels: , , ,

Zre amk badki..?

Datorren azaroaren 16ra arte zabalik izango da IV.SMS eta E-Mail lehiaketan parte hartzeko epea, Egizuk eta Bizarra Lepoan elkarteek antolatuta, Getxoko Udalarekin elkarlanean. Gaia “Zre amk badki..?” izango da eta pertsona bakoitzak nahi beste lan bidal dezake. Lanak euskaraz eta jatorrizkoak izan beharko dira eta ez dira onartuko beste lehiaketaren batean aurkeztutakoak. Mezua sms batean sartu beharko da eta 688 687 826 telefono zenbakira bidali beharko dute parte hartzaileek eta bestalde, e-maila gehienez 300 karakteretakoa izan beharko da eta bizarralepoan@euskalnet.net helbidera igorri behar da.
Sariak notebook, argazki kamera eta mendiko motxila izango dira eta banaketa ekitaldia datorren azaroaren 21ean Andres Isasi Musika Eskolan ospatuko den Izarren Distira galan izango da.
Irabazleak www.blogari.net/bl-en egongo dira eta informazio gehiago helbide horretan, bizarralepoan@euskalnet.net eta 94 491 43 57 telefono zenbakian eska daiteke.

Labels: , , , , , ,

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Zestoan (Gipuzkoa)hasi eta Jone Uria finalaurrekoetarako sailkatu da. Uriaz gain, beste bost bertsolari igo dira oholtza gainera, Iñaki Gurrutxaga, Miren Artetxe, Oihana Bartra, Uxue Alberdi eta Odei Barroso.

Sei final-laurdenetatik lehenengoa izan da Zestoako saioa. Beste bost final-laurdenak urriaren 10ean Leitzan (Nafarroa), urriaren 11n Bilbon, urriaren 17an Uztaritzen (Lapurdi), urriaren 18an Zarautzen (Gipuzkoa) eta urriaren 24ean Laudion (Araba) egingo dira.

Abenduaren 13an, berriz, Txapelketa Nagusiaren finala jokatuko da Barakaldoko (Bizkaia) BECen.


Adina: 19 urte.

Sorlekua: Getxo (Bizkaia).

Ibilbidea: Matematika ikaslea da. Eskolarteko txapelketetan Bizkaiko txapelduna izan da. Iazko Bizkaiko txapelketan finalaurrekoetara heldu zen. Lehen Txapelketa Nagusia du.



ZORTE ON JONE!

Iturri: Berria.info

Labels: , , ,

Nafarroa oinez 2009: txikiak handi





Xabier Leteren abestian, argi eta garbi esaten zen: "Nafarroa, hormarik gabe utzitako etxea". Joan gaitezen beraz, Etxarri-Aranazeko ikastolaren horma berriak eraikitzeko behar duten laguntza ematera.

Denok Arbizu, Arruazu eta Lakuntzara!

Labels: , ,

35.000€ eskola orduz kanpoko euskarazko jarduerak sustatzeko

Atzoko Toki Gobernu Batzarrean erabaki genuen: udalak 2009/2010eko ikasturtean 35.000€ emango ditu Gurasoen Elkarteek eta ikastetxeek antolatzen dituzten euskarazko eskola orduz kanpoko jardueren diru-laguntzetarako. Zenbateko hori aurrekoetan baino handiagoa izango da euskara irakasteaz gain, horren erabilera sustatzea ere oso garrantzitsutzat jotzen dugulako, eta horixe da hain zuzen ere diru-laguntza hauen helburua.

Hauxe izango da dirulaguntza hauek Udalak banatuko dituen laugarren ikasturtea. Oraingoan 35.000€ 96 proiekturen artean banatuko ditu, aurrekoan 25.000€ 64 proiekturen artean zuzendu zituen bitartean. 2006-2007ko ikasturtean Udalak 23.000€ banatu zituen 35 ekimenen artean.

10 Gurasoen elkartek aurkeztutako 81 proiektu dira eta gainontzeko 15ak 11 ikastetxek aurkeztutakoak. Horretaz gain eta deialdi honen barruan, udalak beste 5.000€ gehiago zuzenduko ditu 12 euskal eta kultur asteen gastuei aurre egiten laguntzeko.

“Diru-laguntza jasoko duten ekimenak dinamizatzaileak dira, bazkalosteko monitoreak
eta antzekoak sustatzen dituzten ekimenak, denbora luzerakoak izaten direlako eta eskola egoeratik kanpo euskara erabiltzera bultzatzen dituelako umeak” azaldu du prentsaurrekoan Koldo Iturbek, Esuskara Zerbitzuaren zinegotzi arduraduna.

Proiektuak

Madre del Divino Pastor ikastetxeko Gurasoen elkarteak 5.985€ izango ditu, besteak beste, Motxila Kulturala izeneko egitasmoa aurrera eramateko. Horrek irakurketa sustatzea du helburu eta horretarako, euskarazko liburuekin motxila bana hainbat umeei ematen diete eta irakurri ondoren beste batzuei pasatu. Ondoren liburuei buruzko komentarioak eta iritziak eskatzen dira. Bestalde, Geroa Ikastolako Gurasoen Elkarteak 5.301€ eskuratuko ditu eta bere proiektuen artean, arrakastatsuena informatika euskaraz eskaintzen duena da. Horretan, ikastolak dituen 240 ikasletatik 136 hartzen ari dira parte, “informatikako programa desberdinak euskaraz ezagutzera helburu duen ekimenean, normalean gai hori gazteleraz edo ingelesez lantzen delako” azaldu du Lui Seronek, Gurasoen elkarteko batzarkideak. Hirugarrenik, San Nikolas ikastolak 3.139€ izango ditu, martxan duen Kirolean Euskara ekimena aurrera eramaten segitzeko. “Kirola ikasleen arteko harremanetarako oso garrantzitsua dela jabeturik, ikastolak horren ardura hartzea erabaki zuen, kirol jardueretan euskararen presentzia ziurtatzeko” adierazi du Idurre Iturriozek, ikastolako irakasleak.

Gainontzekoei dagokienez, elkarteek eta ikastetxeek 300 eta 3.000€ arteko diru-laguntzak jasoko dituzte era askotako egitasmoak aurrera eramateko, tartean, irteerak, kirola, antzezlanak, Olentzeroa, Agate Deuna, antzerkigintza, kirol desberdinak, dantzak, margogintza, euskal asteak eta euskararen asteak.

Labels: ,

Zorionak euskarazko wikipedia!

Sustatuk horrela eman zuen euskarazko Wikipediaren hasieraren berri, duela 6 urte, wiki bat zer den azaltzea beharrezkoa zen garaietan. 2008an Sareko Argia saria jaso zuen eta gaur 40.000. artikulura iritsi da. Hauxe da Euskarazko Wikipediak portadara eraman duten logoa:



Euskal hiztun kopuruari begira, albiste ona. Interneten euskaraz dagoen entziklopedia handiena eta osatuena da Wikipedia. Proiektu askea, edozeinek artikuluak idatzi eta aldatzeko aukera ematen duena.

Informazioa gehago: Sustatu.com

Labels: ,

Eroan euskaraz!

Getxoko Udaleko Euskara zerbitzuak Gehi Euskara Merkataritzara egitasmoaren barruan “Eroan euskaraz! Hablar euskera se lleva!” lelopeko kanpaina jarriko du martxan uztailean, oraingoan mertzerietan, jantzi-dendetan, zapata-dendetan, jostailu-dendetan, kirol-dendetan eta edergintza dendetan.
“Aurrekoetan bezala, merkatarien eta herritarren arteko elkarreragina sustatzea da helburua” azaldu du Koldo Iturbek, Euskera zinegotziak. Mota honetako ekimenak gaur egun ofizialak diren bi hizkuntzetatik ahulena berreskuratzen laguntzeko egiten dituela Udalak aipatu du zinegotziak. “Horregatik alor desberdinetan, tartean merkataritzan, euskararen erabilpena sustatzeko jarduerak antolatzen ditugu” gehitu du K.Iturbek.

Oraingo kanpainan momentuz 51 dendek hartuko dute parte. Horietan euskaraz erosten duen herritarrak RIST-RAST IRABAZI txartel bat jasoko du. “Txartelak saria badu erosketak eramateko poltsa bat irabaziko du erosleak. Poltsa, poltsikoan edo poltsan erraz eraman litekeen poltsatxo baten barruan dator, eta beraz, plastikozko poltsen ordezko oso egokia izan liteke” azaldu du zinegotziak.

Guztira 10.000 RIST-RAST IRABAZI txartel eta 5.000 poltsa banatuko dira dendetan, 200 kartelekin eta 43.000 triptikorekin batera.

Duela hilabete batzuek, kanpaina honen aurretik, beste bi izan ziren martxan udalerriko merkataritzako beste sektore batzuetan. Horrela, urtearen hasieran “Okindegian ere euskaraz” izeneko kanpainan guztira, 31 okindegik hartu zuten parte eta oihalezko 2.000 poltsa banatu ziren. Horren ostean, “Erosi euskaraz” kanpainan 59 dendak hartu zuten parte: 31 harategi, 16 fruta-denda eta 12 arrandegi. Establezimendu hauetan erosketak egiteko 3.000 koadernotxo banatu ziren, koadernotxoek hiztegi praktikoa zuten barruan.

Labels: , ,

Uribe Kostako hizkuntza ondarea jaso eta zabaltzeko hitzarmena

Getxoko Udala eta Uribe Kostako Mankomunitatea Uribe Kostako hizkuntza ondarea jaso eta zabaltzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean, aurretik izan zen hitzarmenari jarraipena emateko. Ekimena aipatutako bi erakundeen euskara sustatzeko Plan estrategikoen barruan kokatzen da. Hitzarmena 2010eko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.
Lehenengo lankidetza hitzarmeneren helburua Uribe Kostako azpieuskalkia eta berak daukan aberastasun guztia jaso eta zabaltzeko egitasmoa martxan izan zen eta horretarako 120 euskaldun zaharrei audio eta bideo grabaketak eta material didaktikoa egin ziren, ondoren materiala digitalizatu eta sailkatzeko.
Hitzarmen berria sinatzea beste urrats bat ematea da; oso pozgarria eta garrantzitsua da guretzat, gure altxorra den azpieuskalkiaren ondarea sustatzeko lanak egiten segitzea ekarriko baitu. Kalitate handia duen lan hori beharrezkoa da, gure euskalkia gero eta jende gutxiagok hitz egiten duenez lan egin behar baita ez galtzeko eta mantendu ahal izateko.
Hitzarmen berriaren lehenengo helburua aurreko hitzarmenaren ondorioz sortutako materialaren kopiak egin eta banatzea eta bere erabilera sustatzea da ikastetxeetan, euskaltegietan, kultur eta kirol elkarte eta hizkuntza-transmisio helburu duten taldeen artean. Bestalde, materialaren erabilera sustatu, kultura edota hizkuntza lantzen duten talde edo banakoen eskuetan utziko da. Jasotakoa azterlan, ikerketa, tesi, ikastaro eta abarretan erabiltzea izango da xedea.
Ondare etnolinguistikoa jaso eta zabaltzeko urte askotako proiektu baten pausu bat da hitzarmena, hain zuzen ere, aspalditik egiten ari den lanaren jarraipena eta baita hemendik aurrera egin beharreko lan ugariren abiapuntua ere. Juan Olea Mentxaka, Uribe Kostako Mankomunitateko presidenteak oso garrantzitsutzat jo du egiten ari den lana eskoletan zabaltzea eta gehitu du “bien arteko kolaborazioa luzea izatea espero dut, eginbehar hauek beharrezkoak baitira, egungo umeek euskara jakin arren gutxi erabiltzen dutelako".


MP3 fitxategiaren deskargarekin nire adierazpenekin.

Labels: , , , ,

Euskara showa 2009: anima zaitez!

Anima zaitez eta abestu ezazu EUSKARASHOWA 2009an, Getxoko kultura arteko karaokean.



Apunta zaitez eta deitu: 944 660 010 / 615 715 462.


Apunta zaitez! ¡Apúntate!
!تسجل Înscrie-te! 快来报名!
Give your name! Inscris-toi!




Labels: , , ,

Balendin Txiki III. Bertso-paper lehiaketako sariak



Maiatzaren 15ean eman genituen Balendin Txiki III. Bertso-paper lehiaketako sariak, VII. Euskal Eguna eta IX. Getxoko Bertsolari Gaztetxoen jaialdiaren barruan.

Parte-hartzaileak Getxoko hezkuntza arautuko ikasleak izan dira, LHko 5 eta 6.mailakoak. Gai honi bertso batekin erantzun behar zioten: Zein da zure ustez getxoztarrik famatuena?

Arlo desberdinetako pertsonaiak hautatu dituzte, ezagunak zein ezezagunak: Karolo, Xabi Paya, Imanol Landa alkatea, Eneko Acero, Unai Basurko, José Luis Ugarte, Nahikari Ayo,…

Eskola bakoitzetik bi saridun egon dira eta kategoria orokorrean hiru sari eman ditugu. Saridunak honakoak izan dira:

Zabala

Eneko Camiruaga eta Mikel Gamero

Romo

Olatz Cadarso eta Dorleta Laka

Gobela

Mikel Cárdenas eta Arrate Eguzkitza

Zubileta

Ignacio Zamakona eta Ainhoa Diez

San Nikolas

Beñat Arocena eta Olatz Erkiaga

Andra Mari

Ane Férnandez eta Asier Astorkiza

Geroa

Maite Landaluce eta Ihartze González

Labels: , , ,

7. euskal eguna

Getxoko Udalak antolatutako VII.Euskal Eguna ostiralean, maiatzaren 15ean, izango da, aurten Fadurako Kiroldegian ospatzeaz gain lehenengoz Getxoko Musika Eskolan ere. Bertan 6 urtetik 12 urtera bitarteko ikasleek 2008/09ko ikasturtean zehar dantza, kanta eta bertsolaritza klaseetan ikasitakoa erakutsiko dute.
Fadurako jaia 10:00etan hasiko da udalerriko 9 ikastetxetako 1.078 haurren partaidetzarekin. Ikastetxeak eredu, auzo eta sare guztietakoak dira. Aurten Europa ikastetxeak ere hartuko du parte lehenengo aldiz.
Umeek San Petrike, Esku-dantza eta Txulalai bezalako dantzak egingo dituzte eta abestien artean, Katuen testamentua, Euskal Herrian Euskaraz eta Iluntzean kantak abestuko dituzte.
2008-09ko ikasturtean dantza klaseetan 1.899 eskola-umek hartu dute parte eta kanta klaseetan 745 ikaslek (11 eta 12 urte artekoek).

Musika Eskola

Bestalde, Andres Isasi Udal Musika Eskolan 10:30ean hasiko da jaia, 300 gaztetxoren partaidetzarekin. Bertan bertso-eskolako gaztetxoek antzerki saio bat eskainiko dute; ikasgeletan ikasleek prestatuko saioa izango da; bertso-jolasak; “Balendin Txiki” III.Bertso-paper lehiaketako sariak banatuko dituzte eta bertso saioa izango da Ekhi Erremundegi, Odei Barroso eta Xabier Paya bertsolariekin.
III.Bertso-paper lehiaketako aurtengo gaia “Zure ustez nor da getxoztarrik famatuena?” izan da. Zortziko txikian erantzun behar izan dute parte hartzaileek eta gainera eskatutako horren irudia egin ere. Aurreko bi edizioetan 300dik gora bertso sorta izan ziren.
Bertsolaritza klasetan udalerriko eskolako eta ikastoletako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailako 781 gaztetxok hartu dute parte aurtengoan.

Labels: , ,

Herri Urrats 09 edo Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa

Herri Urratsen egon ginen atzo. Ordu eta erdiko bide luzea izan arren,(ume txikiekin baldin bazoaz batez be eta hortan geunden), azkenean berandu, baina ailegatu ginen Senperera SEASKAk antolatutako festan murgilduz.

Bertan, Senpereko lakuaren ingurutik antolatutako ibilbidea jarraituz, Angeluko Ikastolaren gurasoak ikusi nituen lanean, euren ikastola aurrera ateratzeko betiko nahia eta borondatearekin. Momento horretan burura etorri zitzaidan nola Angelun, Getxoko eta bertako elkarteen topagunea antolatzen dogunean, beti daudela ekimenaren alde lan egiten; bazkariak prestatzen, antolakuntzan laguntzen e.a.. Azpimarratzekoa beraz euskararekiko eta euskal kulturarekiko duten konpromiso sendoa. Azken batean Angeluko ikastolaren gurasoen adibidea SEASKAren bitartez konpromiso horretan murgilduta dauden guraso eta eukalzale guztiena da . Testuinguru benetan zail batetan, euren umeei hezkuntza euskalduna emateko aukeraren alde ari dira gogor lan egiten, baliabide eta laguntza gutxiekin.

Goizean, Radio Euskadin, Vizcainoren programan hain zuzen, SEASKAko presidentearen adierazpenak entzun nituen: 26 Ikastola zabalik dituztela Ipar Euskal-Herrian eta 27. Bidarten zabaltzeko nahiarekin dabiltzatela. Hori dela eta Herri Urrats festaren bitartez ateratako diruak, azken erronka honi aurre egiteko erabiliak izango direla esan zuten.

Arduratzeko beste datu adierazgarri bat entzun nuen bertan ere: SEASKA-ko aurrekontu orokorraren (milloi eta ez dakit zenbat eurotakoa) hiru laurden bat, Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntzen bitartez betetzen dutela. Antza denez, azkenean aurten lortu dutela Frantziako estatuarekin hitzarmena sinatzea eta horren arabera, 150.000€ tako dirulaguntza jasoko dutela, baina edozein kasutan argi dago, hegoaldetik bideratutako baliabide horiek behar-beharrezkoak dituztela aurrera jarraitzeko.

Horiek horrela, bat batean burura etortzen zaigun galdera erraza zera da: orain arte gure Jaurlaritzaren konpromisoa horrelakoa izan bada, zer egingo du osatu berria den euskal gobernuak? Erantzunaren arabera aukera paregabea edukiko dugu alderdi sozialistak euskararekiko duen konpromisoa zein den argi ikusteko. Momentuz datu adierazgarri bat: gobernu berriaren ordezkaririk ez zen bertan agertu.
Agian ez dute oraindik gauzak ondo antolatzeko astirik eduki. Agian martxan jartzen direnean SEASKAk behar duen dirulaguntza bideratzen dute eta susmo txarrak ditugun guztiei ahoa izten digute. Hori pentsatu nahi dut. Ikusteko aukera edukiko dugu, beraz itxoin behar.
Edozein kasutan, hemendik, Getxotik, gure ZORION beroenak SEASKAkoentzako. Animo eta aurrera!

Labels: , ,

Korrikak 14 kilometro beteko ditu Getxon datorren apirilaren 3an

AEKk, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak antolatzen duen Korrika 16 datorren ostiralean, apirilaren 3an, 16:10ean sartuko da gure udalerrian Salsiduko etorbidetik (Berangorekin muga egiten duen tokitik), egun horretan euskararen aldeko jaia izanik berton. Horretarako eta Korrika Kulturalaren barruan izan diren ekitaldietarako Getxoko Udalak 6.000 euroko dirulaguntza jarri du.

Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta eguneroko lana indartzeko dirua biltzea helburuak dituen Euskal Herri osoan zehar egiten duen lasterketaren oraingo leloa “Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herirra” da. Martxoaren 26an Tuteratik eta apirilaren 5ean Vitoria-Gasteizen amaituko den lasterketak Getxon 14 kilometro beteko ditu, Andra Mari, Algorta, Neguri, Romo eta Areeta zeharkatuz, 17:30ak aldera Leioara abiatu aurretik. Korrikak, besteak beste, honako kale hauetatik igaroko da: Zubiak, Oiarretxe, Ormaza, Aingeruko etorbidea, Bidezabal, Sarrikobaso, Algortako etorbidea, Telletxe, Villamonte, Makaletako etorbidea, Neguri Langile, Mesede, Nagusi, Ibaiondo eta Santa Eugenia.

Aurrekoetan bezala, oraingoan ere, besteak beste, sindikatuen, lan, hezkuntzako eta kultur arloetako ordezkariek eramango dute lekukoa.

Korrika Jaia
Korrika igaro ondoren, jaia izango da Romoko Santa Eugenia Plazan hainbat ekitaldirekin. Arratsaldeko 18:00etan umeentzako euskaraokea izango da Txatxilipurdi taldearen eskutik; 19:30ean Tor magoaren emanaldia izango da eta 20:30etik aurrera erromeria Lisker taldearekin.

Bestalde, Korrika kulturala dela eta udalerrian antolatutako ekitaldiei dagokienez, ostegunean, apirilaren 2an, Hudaltzainak ikuskizuna izango da Algortako The Piper´s tabernan. Anitza da hiru laburmetrai aurkeztuko baitituzte, besteak beste, Asier Hormazaren, Ander Lipusen eta Porrotx pailazoaren partaidetzarekin. Horrekin batera, Etxahun Lekuek, Arkaitz Estiballesek eta Fredi Payak bertsoak botako dituzte, musikariez lagunduta, baina ez ohiko doinuekin kantatuta. Musikarien buru Josu Martinez eta Txaber Fernandez dira.


Argazkia: Jagoba Manterola (Argazki Press) / Berria

Labels: ,

Korrika 16: abestia Betagarriren soinutik

Labels: , ,

.eus domeinua


“mehatxupean dauden eremu urriko hizkuntzek aurrera egingo badute, horien hiztunek teknologia elektronikoa erabiltzen dutelako izango da”
David Crystal [ Cambridge University, 2004 ]

“prestigio sozialik gabe hizkuntzak desagertu egingo dira”
Amadeu Abril i Abril [ .cat domeinua ]


Euskarak erronka berri bat du: Interneten bere izen propioa sortzea. Interneten, izena eta izana elkarrekin baitoaz. Interneten, izenik ez duena, ez da. Eta hori da euskararen eta euskal kulturaren komunitatearen erronka berria: Interneteko eremu birtualean nazioarteko aitorpena eskainiko dion ikur edo sinboloa sortzea: .EUS domeinua.

Horretarako sortu dugu PuntuEus Elkartea. Hori da gure helburua: .EUS domeinua eskuratzea.

Labels: , ,

2 milioi gutxiago euskararen alde

Hori da, gure Getxoko PPri krisiari aurre egiteko bururatu zaion lehenengo neurria. 2009-rako aurrekontuetan euskararen normalizazioa bultzatzeko aurreikusita dauzkagun baliabideak gehiegizkoa iruditzen zaizkie PPkoei eta, beraz, bi milioi horiek jeistea proposatzen dute.
Benetan eskertzekoa da PPren gardentasuna. Bagenekien, zoritzarrez, ez dutela gure hizkuntzaren normalizazioan sinisten, baina orain, genekiena publikoki adierazi dute eta beraz denok hartu dezakegu nota.

Labels: ,

Hartu eta pasa, entrenamenduetan euskara

Athleticeko Koikili Lertxundik eta Mikel Aramaiok zuzenduta, “Hartu eta pasa, entrenamenduetan euskara” lelopeko entrenatzaileak sentsibilizatzeko saioak gaur hasiko dira Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak GEHITU KIROLERA egitasmoaren barruan antolatuta.
GEHITU KIROLERA! Udalak herriko gizarte eremu ezberdinetan euskararen normalizaziorako martxan duen GEHI, Getxo Euskalduntzeko Hitzarmena proiektu zabalaren adarretako bat da. Une honetan Getxoko 32 kirol elkartek sinatuta dute hitzarmena eta helburua era progresiboan euskarazko kirol eskaintza sustatu eta euskara elkarteen lan hizkuntza bilakatzea da.
“Hartu eta pasa, entrenamenduetan euskara” ekimenaren bidez entrenamenduetan euskaraz izatea sustatu nahi da. Horretarako sei entrenamendu tekniko euskaraz izango dira udalerriko talde desberdinekin, Koikili Lertxundik (Athletic Klubeko lehen taldeko jokalaria) eta Mikel Aramaiok (Athletic Fundazioko entrenatzailea) gidatuta. Ekimen erakargarria eta aitzindaria dela uste dugu eta honen bidez Getxon ari diren entrenatzaile euskaldunak animatu nahi ditugu umeekin euskaraz egin dezaten. Lehenengo entrenamendua gaur 17:00etatik 19:00etara izango da Boluako futbol zelaian Iturgitxi elkarteko eta Getxo elkarteko haurrekin. Gainontzeko bost saioak maiatzera bitartean izango dira bai Boluan bai Gobelan. Guztira 12-15 taldek parte hartuko dute, 15-20 bat entrenatzailek, 14 urte arteko 200 neskek eta mutilek guztira.
Athleticen babesa ere izango da eta horregatik parte hartuko duten ume eta entrenatzaile guztiek Lezama bisitatuko dute eta Athleticeko jokalariekin egoteko aukera izango dute ekimenaren amaieran.
Aurrerantzean beste kirol batzuekin gauza berbera egiteko asmoa du Euskara Zerbitzuak eta horrela datorren urrian antzeko jarduera egingo du baina orduan pilotarekin. Kasu horretan pilotari ospetsu bat arituko da pilotan ari diren entrenatzaile eta umeekin.
Honi lotuta, “Hartu eta pasa, entrenamenduetan euskara” hitzaldiak edo entrenatzaileen prestakuntza saioak ere izango dira. Lehengo biak martxoaren 24ean eta 25ean izango dira Algortako Kultur Aretoan.

Bestelako ekimenak
Urtean zehar Getxoko kirol elkarteek euskaraz eskaintzen dituzten entrenamenduak jasotzen duen Kirola Euskaraz Gida udaleko webgunean ekainerako eskegitzeko asmoa du Euskara Zerbitzuak gurasoek hurrengo ikasturtean zein aukera edukiko duten jakin dezaten. Gida 6 eta 16 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei egongo da zuzenduta. Iaz paperean atera zuen eta aurtengo berritasuna udal webgunean jartzea izango da. Gidaren bitartez kirola euskaraz egiteko aukera eman nahi da ezagutzera eta horrekin batera elkarteen ahalegina erakutsi ere.
Bestetik, entrenamenduetan euskararen erabilera sustatzeko, Getxoko Udalak atal berri bat sortu du kirol elkarteei ematen dizkien ohiko dirulaguntzen deialdian. Horren bidez, 8 eta 14 urte bitarteko neska eta mutilekin diharduten entrenatzaileen lana sustatuko da. Eskaerak aurkezteko epea datorren otsailaren 14ra arte egongo da zabalik.
Azkenik, 5 kirol poster argitaratuko ditu Euskara Zerbitzuak futbola, saskibaloia, arrauna, eskupilota eta luzatze ariketei buruzkoak eta bakoitzean jokaldi ezagunak eta hitz ezagunak agertuko dira. Bestalde, aitei eta amei begira, AUPA OHIUAK jasotzen dituen egutegia, datorren ikasturteko egutegia ere kaleratuko da, umeak ikustera joaten diren gurasoak euskaraz animatzea lortzeko.

Labels: ,

AISA: euskara eta euskal ohituretara hurbilduz

AISA ikastaro berrirako izenemateak datorren otsailaren 16ra arte egongo dira zabalik

Etorkinek hemengo ohiturak eta euskara ikasten lehenengo pausuak emateko Udalak urrian martxan jarritako AISA ikastaroak eduki duen harrera ona ikusita, matrikula egiteko epea zabaldu du. Alde batetik orduan tokirik gabe geratu ziren 22 laguni aukera emango die euskara ikasten hasteko eta bestetik orain interesa dutenek ere izena eman ahal izango dute. Urrian 3 talde, 46 bat ikaslerekin, jarri ziren martxan eta horietatik gutxienez batek segitu egingo du, beste 60 klase-ordu egiteko.
AISA programaren balantzea oso positibotzat jotzen dute bultzatzaileek, Getxo baita EAEn talde eta ikasle gehien dituen herria. 2005ean jarri zen martxan udalerrian eta ordutik hona 19 ikas-talde izan dira eta horietan 271 etorkin aritu dira euskarara hurbiltzeko klaseak jasotzen eta gainera 3 taldek jarraipena eskatu dute.
Getxoko AISAko taldeetan parte hartzen duten gehienak gazteak dira, %65a emakumea eta Bolibiakoak eta Kolonbiakoak nagusiki. Guztira 33 jatorri desberdinetakoak dira, tartean Errumaniakoak, Suediakoak, Greziakoak, Amerikako Estatu Batuetakoak, Alemaniakoak edo Marokkokoak.
AISA ikastaroa astean bi egunetan izaten da, 4 klase-ordurekin, guztira 60 ordu. Prezioa 10 eurokoa da eta gainditzen dutenei dirua itzultzen zaie eta diploma eta hiztegi bat eman ere.
AISA ikastaro berria datorren martxoaren 2an hasiko da eta izenematea egiteko eta informazio gehiago eskatzeko pertsona interesatuek Udal Euskaltegira (94 464 62 99), Lauaxeta euskaltegira (94 430 47 34) eta Jose A.Agirre euskaltegira (94 460 66 71) jo dezakete.

Labels: , ,

DENDAKETAN martxan

Dendaketan ikastaro berrirako izenemateak datorren otsailaren 16ra arte egongo dira zabalik

Bezeroak euskaraz atenditzen ikasteko ikastaro laburra da Dendaketan izenekoa, Getxoko dendetan eta ostalaritzan lan egiten ari direnentzat eta baita lan egin nahi izango luketenentzat ere. Urrian hasi zen taldean Algortako 15 lagunek hartu dute parte eta orain, nahi izatekotan, jarraitzeko aukera edukiko dute. Bestalde, orduan bere nahia agertu zuten baina kopuru nahikorik ez izateagatik taldea osatu ezin zuten Romo-Areetako merkatarirekin ikastaroa martxan jartzen saiatuko da eta beste berri bat ere. Iaz talde bat izan zen 10 merkatarirekin.

Ikastaroa astean bi egunetan izango da 3 ordu klaserekin. Bere prezioa 50 eurokoa da eta ikastaroa amaitzen dutenei 25 euro bueltatuko dizkiete eta diploma eta materiala opatu ere.

Dendaketan ikastaro berria datorren martxoaren 2an hasiko da eta izenematea egiteko eta informazio gehiago eskatzeko pertsona interesatuek Udal Euskaltegira (94 464 62 99), Lauaxeta euskaltegira (94 430 47 34) eta Jose A.Agirre euskaltegira (94 460 66 71) jo dezakete.

Labels: , ,

Getxon euskara hitz egin edo ulertzen duten pertsonen portzentaia, ezer ulertzen ez dunena baino handiagoa da Euskara Biziberritzeko I Planaren datuen azterketaren arabera, Getxoko Udalak 2003-2006 urte bitartean burututakoa. Emaitza onak ikusita, bertoko Tokiko Gobernu Batzordeak Euskara Biziberritzeko II. Plan Nagusia-EBPN onartu du 2008-2011 bitartean egingo dena eta Getxon euskara berreskuratzeko helburu nagusiena duena. Udal talde honek Euskararekiko duen konpromisoaren beste adibidea da Plan hau, udalerriko beste giza eragileekin burutu nahi duena.
Herritarrak euskaraz bizi ahal izateko aukera erraztu nahi da, hizkuntza politikan behar diren neurriak hartuz eta sustatuz euskararen normalizazioa maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean lortu ahal izateko”. Oraingo honetan, eta berrikuntza bezala, kulturartekotasuna jasotzen da EBPNn.
Plan berriaren 10 ardatz nagusi: ezagutzatik erabilerara pasatzea, eskolaren lana osatzea, familia bidezko transmisioa sustatzea, euskara ikasleek euskara erabiltzea, etorkinak euskarara erakartzea, Getxoko udalean ere euskaraz egitea, Getxoko euskara sustatzea, erabilera areagotzea gizartearen esparru guztietan, Komunikabideetan euskararen presentzia areagotzea eta baita Getxoko enpresetan euskararen erabilera sustatzea izango dira.
Horretarako, besteak beste, 244 ekintza zehatzak egingo dira, eta horien ondotik betetze mailari buruzko jarraipena egingo dute.

Datuen hausnarketa

2007an, Lehenengo Plana bukatu zenean, Udal Euskara Zerbitzuak egindako datuen estrapolazioaren arabera, Getxoko herritarren %57´8 elebiduna da (edo elebidun pasiboa (ulertu bai baina hitz egiten ez duena); % 23´2 % euskalduna da eta % 34´6 ia-euskaldunak. Gainontzekoak, %42´2 erdaldunak dira.

Hezkuntza arloan, 3 urteko umeen matrikulazioari dagokionez, azken 10 urteetan A ereduak (gaztelaniaz, euskara ikasgaia izanda) 21 puntu egin du behera eta B ereduak (elebiduna) 3 puntu egin du behera. Bien bitartean, D ereduak (euskaraz, gaztelania ikasgaia izanda) 24 puntu egin du gora. Lehenengo Hezkuntzan ikasleen %50k D ereduan ikasten du, %25k B ereduan eta %25k A ereduan. Hezkuntza etapa honetan, azkenengo 10 urtetan D ereduak 12 puntu egin du gora eta B ereduak 1. Bestetik, A ereduak 13 puntu egin du behera. Aipatu egin behar da ere 10 ikasle etorkinetatik
8k A ereduan ikasten dutela, 1ek B ereduan eta 1ek D ereduan.

Merkataritza arloan, 10 dendaritatik 7k uste du etorkizunean bere establezimenduan euskararen presentzia areagotzeak eragin oso edo nahiko positiboa izan dezakeela. Adibide bezala, 4 establezimendutatik batek errotulu nagusia euskaraz dauka.

Labels: ,

Euskararen nazioarteko eguna dela eta

“Euskara, gure hizkuntza, gure aberria da, munduan egoteko eta mundua ulertzeko modua”. Ez da ez nire esaldia, UK aldizkari getxoztarrean irakurritako gogoeta bat baizik. Xabier Euskitzeri ere horrelako aitorpena entzun nion dokumental batean.

Gaur euskararen nazioarteko egunean, atzera begiradatxo bat botatzea egokia iruditu zait, agian, atzeko bide luzea ikusita etorkizunera proiektatzeko nahian. Gora gure hizkuntza zaharra| Euskara bizi eta euskararekin gozatu!

Labels:

Izarren distira. Kastina eta Gala Egin dakizuna!!


19.30
Andres Isasi Musika Eskolan
doan, gonbidapenak aldez aurretik Algortako Kultur Etxean, azaroaren 24tik aurrera


Aurkezlea: Nerea Alias
Gonbidatu berezia: LAIN bikotea eta DJ Oleaktiff
Epaimahaia: Xabi Paya, Elsa Pamparacuatro eta hirugarren pertsona famatu bat

Euskara jardunaldiek aurten saio berritzaile bat dakarte bere baitan. Izan ere, Izarren Distira Kastin eta Gala burutuko dira Getxoko gaztetxoen parte hartzearekin. Talentu show honetan 12-18 urte bitarteko getxoztar gazteak taldeka izena eman eta hautaketa proban parte hartu ahalko dute. Epaileen aurrean, aldez aurretik taldeka landutako ikuskizunak aurkeztu beharko dituzte finalera pasa nahi badute. Ikuskizun guztiek euskaraz izan beharko dute. Euskara eta gozamena eskutik dantzan Izarren Distira Kastin eta Galan!

Sariak: ikas-bidaiarako 1000€ diru-laguntza edo 6 pertsonentzako multiabentura asteburu batan, Euskal Selekzioaren partidua ikusteko 6 sarrera.

Informazio gehiago: Izarren distira

Labels: ,

Euskarazko Produktuen Katalogo berria

Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak Getxoko gurasoen esku jarriko du Euskarazko Produktuen Katalogo berria, beren seme-alabentzako edo lagunentzako Gabonetako opariak aukeratzerakoan laguntza eta baliabideak eskaintzeko helburuarekin. Euskara Zerbitzuak 15.000 ale banatuko ditu udalerriko hamabost lburudendatan, udal egoitzatan eta 16 urtetik beherako gazteen eta umeen etxeetara bidaltzen. Getxoko Udal Euskara Zerbitzua Euskal Herriko beste 110 udalerrirekin elkarlanean aritu da katalogoa argitaratzeko eta guztira 267.000 ale banatuko dira.
Katalogoak urteko berritasunak biltzen ditu eta umeei eta gazteei zuzendutako 317 produkturen berri jasotzen du, horien artean musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Merkatuan jadanik daude produktu guztiak. Argitalpenak euskara normalizatzeko beste bide bat gehiago izan nahi du.
Paperezko edizioaz gain, Interneteko edizioa ere dago www.katalogoa.org helbidean eta horretan argitaletxeetatik jasotako produktu guztien erreferentziak, kasik 400 denetara, agertzen dira.
Gabonetan opariak aukeratzerako orduan euskara kontuan hartu!


PDF fitxategiaren deskarga katalogoarekin.

Labels: , ,

Hamaika telebista gurean

Atzo hamaika telebistaren aurkezpen ekitaldian egon ginen. Azken urteotan euskara bultzatzeko komunikabieetan proposatutako proiekturik erakargarriena.

Bilbo handian tokiko telebista digital berriak sortuko dira. Hamaika Telebista gure gertuko bizitza eramango du pantailara, hiri-herrietan egunerokoa izango baitu xede. Urte berriarekin batera, 2009an alegia, hasiera emango dio emisioari.

Hamaika euskarazko telebistak eta komunikabideak hedatzeko egitasmoa da. Aurreneko xedea tokian tokiko telebista digitalen sare bat hedatzea da. Euskal herrian barna informazio hurbila lantzen duen tokiko telebista euskaldunak bultzatu nahi ditu.

Bilbora, Ezkerraldera, Enkarterrira, Getxora, Uribe-Kostara, Txorierrira, Mungialdera, Hego Uribera, Basaurira, Arrigorriagara eta Galdakaora zabalduko ditu emanaldiak telebista berriak.

Proiektuaren inguruan ahalik eta jende, erakunde eta elkarte gehien biltze aldera, 600.000 euroko kapital handitzea jarri dute abian..

Parte–hartzeko edo proiektuaren inguruko informazio gehiago lortzeko.

www.hamaika.tv

Hamaika ikusteko jaioak garela dio esaera zaharrak, eta egi bihurtu, urtarriletik aurrera hamaika, telebista, ikusteko aukera izango dugu eta.

Labels: , ,

Batek mila, euskal munduak


Bilatu ilanda.eu blogean

Bilatu ilanda.info gunean

Informazioa

Lizentzia

Sindikazioa

ilanda.eu bilatzaileetan

Agirre 50

Landa TB

Legealdiko plana 08-11

+ Getxo berritzen ari gara

Getxo EROSi ta GOZAtu

Merkatari plana

Argazki bildumak

Euskarazko errefrauak ausaz

Getxo garbia

Euskarazko produktuen katalogoa

GUZTIOK BAT

Egunkaria libre!

think gaur - Euskadi 2020

EAJ-PNV

Albisteak

Azaroak 25

.eus domeinua