60.101 euroko dirulaguntza Uk aldizkariarentzako
Egilea: Imanol Landa. 2010/04/07. Ordua: 10:57 AM.
Denok ezagutzen dugun Uk alkizkaria, paperean argitaratzen den Uribe Kostako euskara hutsezko hedabide bakarra da. Oker ez banago, hamabost urte daramatzate aldizkaria sortu zenetik, gure eskualdeko informazioa euskaraz lantzen. Euskaldunentzako, toki informazioaren esparruan referente garbia bihurtu da beraz aldizkaria. Aurten gainera sarera egin du salto eta www.ukaldizkaria.biz helbidean aurkitu dezakezu.Horiek horrela, aurten ere Boluntzarreta Euskara Bultzatzeko elkarteari 60.101 euroko dirulaguntza ematea onartu dugu, Tokiko Batzarraren bileran. Diru-laguntza udalak elkartearekin indarrean duen hitzarmenaren barrukoa da, 2010.urtean UK, Uribe Kostako aldizkaria argitaratzeak dakartzan gastuei eta bestelako ekimenek eragingo dituzten gastuei ere aurre egiten laguntzeko.
56 orrialde dituen UK aldizkariak 2009an 19 zenbaki atera zituen, 4.000 aleko tiradarekin, guztira 76.000 aldizkari. Ale kopurutik 3.250 ale postontzietan banatzen dituzte eta gainontzekoetan euskaltegietan eta komertzioetan uzten dituzte.
Gaur egun UK aldizkariak 20.000 bat irakurle ditu.
Beraz, aurten ere gure euskararen normalizazioaren aldeko apostua hedabideetako esparrura zabaltzen dugu.
Argazkia EGIZUk egindako da.
Labels: aldizkaria, boluntzarreta, Getxo, getxoblog, uk
Getxoko Udalak eta UKk hiru urteotarako hitzarmena sinatu dute
Egilea: Imanol Landa. 2009/03/31. Ordua: 10:28 AM.
Getxoko Udalak eta UK Uribe Kostako aldizkariaren argitalpenaz arduratzen den Boluntzarreta euskara bultzatzeko elkarteak hitzarmena sinatu berri dute, orain arte indarrean izan denari jarraipena emateko asmoz. Oraingoa hiru urterako izango da eta beraz 2011ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. Hitzarmenaren bidez Udalak Boluntzarreta elkarteak egiten dituen jarduerak sustatzeko konpromisoa hartzen du eta horregatik 2009.urtean 60.101 euroko dirulaguntza emango dio. Boluntzarreta elkarteak bere aldetik, UK aldizkariaren ale guztietan Getxoko herriari buruzko lau orrialdeko informazioa argitaratuko du. Orrialde horiek izaera propioa izango dute eta argi ikusiko da Getxo izena. Bestalde, aldizkariaren gainerako ataletan Getxok lehentasuna izango du. Ale guztietan Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak orrialde bat izango du doan bere ekitaldiak iragartzeko eta gainera Udaleko Euskara Zerbitzuak sustatzen dituen ekimen guztien berri emango du UK-k, azken finean, euskararen erabilpena bultzatzea aldizkari horren helburua ere delako. Era berean, UK aldizkaria Getxoko Udal liburutegietan, kultur etxeetan, kiroldegietan, ikastetxeetan eta harpidetza egiten duten getxotarren artean doan banatuko da eta azkenik, Getxorako, gutxienez, 2.500 aletako tirada ziurtatzen du UK-k. Harpidetzak gehiago balira, tirada handituko luke UK-k.
Etorkizunari begira
Gaur egun UK hamabostekaria 2.900 etxetara bidaltzen da postaz eta gainerako aleak leku publikoetan banatzen dira, tartean euskaltegietan, kultur etxeetan, udal egoitzetan eta abarretan. Aldizkariak aurtengorako dituen proiektuen artean, agenda elektronikoa martxan jartzea, Getxo akordaten naz I dokumentala azpititulatzea eta II. dokumentala egitea eta 13 urtetan kaleratutako aldizkarien digitalizazioa amaitzea daude.
Labels: aldizkaria, boluntzarreta, uk











