Algortako Salsiduko arrapala mekanikoak badabiltza iada, gaur inauguratu eta gero
Egilea: Imanol Landa. 2008/06/20. Ordua: 3:26 PM.
Salsidu kaleko arrapala mekanikoak, Algortako beheko aldea goikoarekin lotzen dutenak, gaur eguerdiaz geroztik dabiltza. Egitasmo honetan Udalak 1,8 milioitik gora euro inbertitu ditu eta Irisgarritasun udal Plangintzaren harira gauzatu da. Planaren helburu nagusia da mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei kalean aurkitu ohi dituzten hesi eta oztopoak kentzea. Gaur egun pozgarria da beraz inguruko auzokideentzat arrapala hauek ibiltzeak Salsiduko aldapa bezalako hesi arkitektoniko natural bat gainditzea dakarrelako eta era berean, Algortako erdigunera eta garraiobide publikoen erabilera sustatu eta Metrora iristeko bidea errezten duelako. Udalak dagoeneko egin ditu antzeko beste lan batzuk Algortan, Bidezabalgo arrapalak eta ereagako igogailua kasu.220 metro inguru arrapala egin dira, 9 zatitan banatuta. Hiru bidegurutze – hauetan oinezkoentzako pasabideak ipini dituzte- eta 16,5 metroko malda gainditzen dituzte arrapala hauek.
Lehenengo 2 zatiak Makaletako-Ollarretxe eta Iturgitxi kaleen artean ipini dira. Ondorengo 3ak Iturgitxi eta Kasune kaleen artean daude kokatuta. Beste 3 arrapala gehiago Kasunetik Illetara arte doaz, eta, azkenik, azkeneko 2 tarteak Illetatik Bolue kaleraino doaz.
Arrapala mekanikoak goizeko 7etatik gaueko 11ak arte ibiliko dira. Zaintza sistema bat eta Udaltzaingoko zerbitzari batean zentralizatuta dagoen teleagingailu sistema bat ipini dituzte bertan. Hortara, behar izatekotan, Udaltzaingoak bere egoitzatik bertatik gelditu edo martxan ipini ahal izango ditu arrapalak. Horrez ganera, hormigoi armatuzko hesia dute alboan oinezkoak autoetatik babesteko.
Zirkulazioari dagokionez, noranzko bakarreko bidea izango da igotzeko eta Ollarretxe/Makaletako eta Gaztelumendi/Iturgitxi arteko tartean lerroan aparkatzeko gunea utzi dute.
Arrapalekin batera Salsidu kalean beste urbanizazio lan batzuk egin dira, berbarako, 2 metrotik gorako zabalera duten espaloi berriak atondu dituzte, oinezkoentzako pasabideetan eta gune berezietan botoidun baldosak dituztela, indarraldian dagoen irisgarritasunaren ganeko legediak agintzen duena betez.
Labels: arrapala mekanikoak, salsidu











