Imanol Landaren bloga

http://ilanda.eu :: http://ilanda.info




Getxoko 54 pertsona izango dira Bizkaiko Foru Aldundiaren Lan eta Trebakuntza Sailak eta Gizarte Ekintza Sailak bultzatutako plan pilotu honen onuradunak. Egun 23.000 familiatik gora dira Oinarrizko Errenta jasotzen dutenak Bizkaian eta horietako gehienek lan merkatuan sartzeko aukera izango lukete, beharrezko laguntzak izanez gero. “Bizkaia inklusio aktiboaren alde” deritzon ekimenak sustapen pertsonaleko, trebakuntzako eta prestakuntzako mekanismo horiek eskaintzea du xede, onuradunei gizarte zerbitzuen eskaintza egokiarekin batera lan mundura sartzen eta oinarrizko errenta alde batera uzten lagungarri gerta dakien.
Getxoko Udala izan da Oinarrizko Errentaren jasotzaileak gizarteratzeko eta laneratzeko “Bizkaia inklusio aktiboaren alde” plan pilotua abiarazteko hitzarmena sinatu duen Bizkaiko lehen udala. Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Trebakuntza Sailak eta Gizarte Ekintza Sailak koordinatutako proiektu honek sustapen pertsonala, trebakuntzako eta prestakuntzakoa eskaintzea du helburu, pertsona horiei lan mundura sartzen lagungarri gerta dakien.
Gaur goizean sinatu dut hitzarmena Eusebio Larrazabal Enplegu eta Formaziorako diputatua eta Juan Mari Aburto Gizarte Ekintza Saileko foru diputatuarekin. Ekintza hau BBK eta hirugarren sektoreko Sortarazi, Emaús Bilbao, Red Social Coopera Gizarte Sarea, Gaztaroa-Sartu Elkartea eta Cáritas Bizkaiaren lankidetzari esker posible izan da.
Plan pilotu honek 336 pertsona izango ditu onuradun Bizkaia osoan, Oinarrizko Errenta jasotzen dutenen ehuneko 5 dena hain zuzen ere. Bizkaiko Lurralde Historikoan ia 23.000 famili unitate daude egoera horretan: 20 eta 65 urte bitartekoak dira eta Bilbo (Uribarri-Zurbaran, San Francisco-Abusu), Barakaldo, Getxo, Busturialdea, Bermeo eta Enkarterrietan bizi dira.

54 onuradun Getxon

Getxoko udalerrian zehazki 54 pertsonarekin lan egingo da zuzenean. Udal horretako gizarte zerbitzuek Lan eta Ekonomi Garapen Atalarekin lankidetzan aukeratu dituzte onuradunak. Aukeratutakoen ezaugarri nagusiak honako hauek dira: emakumezkoa, 25 eta 44 urte bitartekoa, atzerritarra, urtebete baino gutxiago darama Oinarrizko Errenta Orokorra (OEO) jasotzen eta ez du beste diru-sarrerarik. Aukeratutakoen artean 22k enplegu-gaitasuna sendotzeko eta lan-munduan sartzeko partaide bakoitzaren araberako ibilbideetan hartuko dute parte (informazio pertsonalizatua, ikasketarako eta lanerako orientabideak, oinarrizko eskumen zehatzetako trebakuntza, bekak, lan-praktikak). Bazterkeria eta mendekotasun arazo arruntak dituzten eta lan merkatutik urrun dauden beste 27 pertsonak osatzen dute bigarren taldea. Horiek lana bilatzeko lantegietan eta babestutako lan merkatuan sartzeko helburua duten bakoitzaren arabera prestatutako iraupen luzeko trebakuntza-ibilbidetan (malguak eta moduluka antolatuta) hartuko dute parte.
Hirugarren taldea bazterkeria eta mendekotasun arazo larriak dituzten bost pertsonak osatutakoa da. Horientzat maila pertsonalean zein familia mailan eragiteko xedea ezarri da, ibilbide sozio-pertsonalak eta lanbide-lantegiak landuko dira, antolaketa eta familia ingurua hobetzen laguntzeko neurrien bidez indartuta.
Partaideek euren beharrizanetara egokitutako gizarte zerbitzuen eskaintza zabala izango dute ibilbide guztian. Horretarako laguntza sozio-sanitario, osatu, familia eta gizarte integrazio, aisialdi eta aisialdi eta lege aholkularitza gaietan Getxon dauden zerbitzu eta baliabideen lehendabiziko mapa egin da, aukeratutako pertsonen ezaugarri zehatzak zehaztutakoan sendotu egingo dena.

Labels: , , ,

Zure izena eta Bizkaia bat eginda

Uztailean zehar, Bizkaiko Foru Aldundiak milioi bat eskutitz pertsonalizatu bidaliko dizkie lurralde historikoan erroldatuta dauden 14 urtetik gorako pertsona guztiei. Bidalketa hori ez da lehenengoa izango; izan ere, orain dela bi aste, proiektu pilotuko udalerrietako (Basauri, Abanto-Zierbena, Balmaseda, Basauri, Galdakao, Mundaka eta Arratiako Mankomunitateko udalerriak)biztanleei ere eskutitza bidali zitzaien.

Eskutitz pertsonalizatuan, aktibatze-kode bat eta www.bizkaia.eu web orriari lotzeko esteka bat daude. Web orri horretan, interesdunak posta elektronikoko bere kontua sortu ahal izango du, nahi duen izenarekin eta bizkaia.eu. berezko domeinuari lotutakoa. Halaber, erabiltzailearen esku, helbide elektroniko bat eta erabiltzaileari laguntza emateko doako telefono bat jartzen dira, nahi dutenek bizkaia.eu.domeinuaren erabilerari buruzko galderak eta zalantzak galdetzeko.

Toki eta foru administrazioarekiko zuzeneko harremana
bizkaia.eu posta sistema BiscayTIK proiektuaren hiru ardatzetako bat da. Pertsonei onura bat emateko diseinatuta dago, eta, horretarako, bai Administrazioarekin harremanetan jartzeko bai beren kontuetarako erabili ahal izango duten erreminta bat eskaintzen die.

Prestazio altuko posta sistema da, ezaugarri nagusi hauek dituena: Doakoa da erabiltzailearentzat; mezuak bidali eta jasotzeko eta bilatzeko aukera ematen du; postontziaren edukia 5-GBkoa da; kontaktuak kudeatzeko aukera ematen du; zereginen egutegia dauka; euskaraz eta gaztelaniaz dago; dsasunerako A bikoitza du, desgaitasunen bat duten pertsonek ere erabili ahal izateko, eta ez du publizitaterik.

Aurrekoez gainera, honako hau esan daiteke posta elektronikoko helbide honetaz: “toki-administrazioaren eta bizkaitarren arteko komunikazio digitalerako formula bihurtuko da; haren bitartez, bizkaitarrek aukera izango dute zuzenean diru-laguntza berriei, lan-eskaintzei, kontratu publikoei, eskaeren epeei, kanpainen hasierari eta amaierari edo beren intereseko beste edozein gaiari buruzko informazioa izateko”.

BiscayTIK
BiscayTIK proiektua helburu birekin sortu zen: informazioaren teknologiak hurbildu eta horien erabilera gizartean sustatzea eta Bizkaia informazioaren eta ezagutzaren teknologia berrien Europako erreferente bihurtzea.

Proiektuak 45 milioi euroko inbertsioa izango du, gutxi gorabehera. Espero da 30-40 lanpostu berri sortzea, eta beste 150 lanpostu haren eraginez. Hona hemen proiektuaren hiru ardatzak: bizkaitar guztientzako doako posta elektronikoa sortzea, euskaraz eta gaztelaniaz eta publizitaterik gabea, bizkaia.eu domeinuari lotua; udaletan erabiltzen diren sistema informatikoak berritzea eta herritarrek administrazioarekiko izapideak egiteko web atari bat sortzea (haren bidez, herritarrek aukera izango dute ehun izapide Internet bitartez egiteko), eta nazioartean aitzindaria den zentro teknologoko bat sortzea, proiektu berritzaile hau garatzeko.

Labels: , , ,

Getxo Kirolakeko ate irekietako eguna: ekainak 14

Getxo Kirolakek ate irekietako eguna antolatu du, ekainaren 14an, igandea. Egun horretarako, udalerriko kirol klubekin lankidetzan, zenbait josteta eta kirol jarduera prestatu dira, herritar guztientzat. Horrela, 11:00etatik 14:00etara, Fadura kiroldegira datozen pertsonek eskaintza zabala izango dute: errugbia, ziklismoa, atletismoa, tenisa, patinajea, hockeya, padela, saskibaloia, eskubaloia, herri kirolak, egokitutako kirola, pilota, spining, aerobica, boleibola eta futbola.

Ekimen hau Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen du. 38 udalerrik bat egin dute berarekin. Europako Batasunaren ekimena da, kirola biztanleria osoaren eskubidea izatea lortzeko helburuarekin. Gainera, kirola integrazioko, heziketako eta aisialdi osasungarriko tresna izan dadila nahi du EB-k.

PDF fitxategiaren deskarga Getxo Kirolakeko ate irekietako egunaren egitarauarekin.

Labels: , , , ,

Lantegi Batuak Fundazioak Getxoko Andra Mari auzoan adimen-urritasuna edo urritasun fisikoa duten pertsonentzat eraiki eta gestionatuko duen dokumentu-gestioa, administrazio digitala, balore logistikoko katean operaziak egiteari eta lanbide-hezkuntza eskaintzeari ekingo dion zentro berria aurkeztu dugu gaur.

Zentroa Getxoko Udalak 30 urtez utzitako udal orube batean eraikiko dute eta Bizkaiko Foru Aldundiak 1,1 milioi euro ipiniko ditu. Inbertsio osoa 3,6 milioi eurokoa izango da. Lanak aurtengo udan hastea eta 2011ko amaieran amaitzea espero da
Egitura berria Andra Mariko Ramos Uranga eta Abendaño kaleen artean egongo da kokatuta, inguruan guztiz integratuta izango den 3 solairuko 3.000 metro koadroko eraikinean eta ez du inolako eraginik sortuko ingurunean (zaratarik ez, igorpenik ez).
Aitzindaria eta berritzailea izango da eta lana gizartearatzea lortzeko erabiliko du. Urritasuna duten pertsonek lan gizarteratze handiena lortzeko lana erabiltzen duen laguntza, sozioekonomiko eta hezkuntzako zentroa izango da. Epe laburrera eta ertainera eskuinaldeko pertsona horien lanpostuen eta hezkuntza beharrari emango dio erantzuna.
Zentro aitzindaria eta berritzailea izango da, aipatutakoez gain, urritasuna duten pertsonen ahalmenak garatuko ditu, teknologia berriei garrantzi handia eskainiz. Epe ertainera 140 lanpostu baino gehiago sortzea ekarriko du.
Zentroa sortu eta martxan jartzea enplegua desagertzen den egungo egoera zailean oso positiboa da. Getxon inbertsio handia izango dugu, teknologia berrietan eta berrikuntzan oinarrituta, eta gainera urritasunak edukitzeagatik lana topatzeko zailtasun gehiago edukitzen duten pertsonentzat lanpostuak sortuko ditu. Beraz, ekonomi-dinamizazioa, lanpostuak eta balore soziala dira proiektuaren ezaugarriak eta horrek ilusioa eta itxaropena eragiten ditu gizarte justuago eta bateratzailegoan. Ekimenak Getxoko alderdi sozialistaren aldeko jarrera duela, udalerriko proiektu estrategikoen alde egiteko adostutako konpromisoagatik.

Bestalde, Juan Maria Aburtok, Gizarte Ekintzako Foru Diputatuak oso positibotzat jo du proiektu berria gizartearentzat etekinak aterratze aldera erakunde eta alor desberdinen arteko elkarlana bultzatzeaz gain, “urritasunak dituzten pertsonei beren kabuz bizi ahal izateko beharrezkoak diren bi gauza, etxebizitza eta lana, ahalbideratzea ekarriko duelako”.

Lantegi Batuak Fundazioa, irabazi asmorik gabeko erakundea da eta urritasuna duten pertsonentzat lan aukerak sortzeko lan egiten du, ahalik eta normalizatuenak, batez ere adimen-urritasuna duten Bizkaiko pertsonentzat. Bere buruak, Victor Iturburuk ere oso garrantzitsutzat jo du proiektua aurrera eramateko izandako kolaborazioa. Beraren arabera, “zentro berria oso garrantzitsua izango da, besteak beste, urritasunak dituzten inguruko pertsonak hobetu antolatu ahal izango baitira, gaur egun beste lurralde batzuetako tailerretara joan behar baitira”.




PDF fitxategiaren deskarga lantegi batuaken digitalizazio zentru berriaren informazioarekin.




MP3 fitxategiaren deskargarekin nire adierazpenekin.

Labels: ,

Uholdeak: Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntzak

PDF fitxategiaren deskarga Bizkaiko Foru Aldundiak uholdeak direla eta ematen dituen dirulaguntzekin.



BAO. 113. zk. 2008, ekainak 13. Ostirala


Udal Harremanen eta Herri Administrazioaren foru diputatuaren 4265/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 11koa; horren bidez duela gutxi izan diren berebiziko uholdeek eragindako kalteen ondorioak arintzeko presako neurriei buruzko ekainaren 10eko 3/2008 Foru Dekretu Arauemailean jasotako neurriak zein udalerriri eta biztanle-guneri aplikatuko zaizkien zehaztu da.

Labels: ,

www.bizkaia.net

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak orain dela gutxi izandako uholdeek eragin dituzten kalteak arintzeko neurriei buruzko foru dekretu arauemailea onartu du. Horrez gainera, foru dekretu horri dagokion foru agindua ere onartu du, kaltetu ziurtagiria lortzeko prozedurari buruzkoa. Ibaiek eta errekek gainezka egin dute oraintsu, eta horrek kalteak eragin ditu ekoizpenetan, azpiegituretan, zerbitzu publiko eta pribatuetan, etxebizitzetan, industrietan eta saltokietan. Horrela, bada, laguntza horien helburua kalte horiek arintzea da.

Alde batetik, neurri batzuk hartu dira zergen arloan, kalteak izan dituzten herritarrei horien zama jasaten laguntzeko. Beste alde batetik, berebiziko uholdeen ondorioz gertatu diren egoerei erantzuteko behar diren kreditu osagarrietarako baimena eman da. Kreditu horien kopurua 30 milioi euro izango da, eta kopuru hori handitu egin daiteke. Horrekin batera, zuzeneko laguntza bat ere ezarri da, honako bi alderdi hauetarako: uholdeetan kalteak jasan dituzten ibilgailuen ezbehar-deklarazioa, eta ibilgailu horien ordezkoek ordaindu behar duten Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Berezia.

Foru dekretu arauemaile horretan ezartzen diren zerga neurriak 2008ko maiatzaren 31tik hona Bizkaiko Lurralde Historikoa erauntsi duten berebiziko uholdeen kalteak konpontzeko aplikatuko dira. Udal Harremanen eta Herri Administrazioaren foru diputatuak sinatuko duen foru agindu batean zehaztuko da zein diren uholde horien ondorioz kaltea jasan duten udalerriak eta herriguneak, dekretu honetako neurriak aplikatuko zaizkienak. Foru dekretu horretan araututako neurriak aplikatzeko, toki bakoitzeko udalak emaniko ziurtagiria eduki beharko da. Ziurtagiri horrek bakoitzak jasandako kalteak egiaztatuko ditu.

Neurri horiek aplikatzeagatik udaletan zergen diru-sarrerak gutxitzen badira, alde hori Bizkaiko Foru Aldundiak konpentsatuko du, Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorretatik ordainduta.

Honako neurri hauek onartu dira besteak beste:

-2008ko ekitaldian, landa izaera duten Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kuotak ordaintzetik salbuetsita egongo dira nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako ustiategiak; eta hiri izaera duten Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kuota ordaintzetik salbuetsita egongo dira etxebizitzak, merkataritza eta industria tokiak, laneko lokalak eta horien antzekoak.

-2008ko ekitaldian, Ekonomi Jardueren gaineko Zergaren kuota ordaintzetik salbuetsita egongo dira kalteak hartu dituzten industria, merkataritza eta laneko negozio-lokalak edo jarduera horiei loturiko ondasunak.

-Norbere borondatez ordaintzeko epea 2008ko ekainaren 2a eta abenduaren 31 bitartean duten zerga zorrak 2009ko ekainaren 25 arte geroratu ahalko dira, bermerik eman gabe eta berandutze interesik ordaindu gabe.

-Jarduera ekonomikoak egin eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga ordaintzen dutenek (etekin garbia zehazteko metodoa edozein dela ere) ez dute Foru Ogasunean 2008ko bigarren, hirugarren eta laugarren hiruhileetako zatikako ordainketarik autolikidatu eta ordaindu beharko.

-PFEZren zeinu, indize edo modulu modalitatea ezartzen zaion jarduera ekonomiko bat egiten duten zergapekoek zeinu, indize edo moduluak murrizteko eskatu ahalko dute. Halaber, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregimen sinplifikatua ezartzen zaien zergapekoek indizeak edo moduluak murrizteko eskatu ahalko dute.

-Automobil berrietarako zein erabilietarako, Bizkaian egiten den behin betiko lehenengo matrikulazio bakoitzeko 1.200 euro arteko laguntza emango da, baldin eta automobil horiek 1. artikuluak aipatzen dituen uholdeetan erabateko hondamena izan duten autoak ordezteko erosi badira.


Neurri aringarri horiek aplikatu ahal izateko, udal bakoitzak herritarrak hartutako kalteak egiaztatzen dituen ziurtagiria eman beharko du. Interesdunen eskubidea izan daitezken zergen arloko neurriak onartzeko beharrezkoak diren izapide burokratikoak murrizteko, eta kaltetutako guneetako udal guztiek eman beharreko ziurtagiriak homogeneizatzeko, Gobernu Kontseiluak behar diren neurrien inguruko eskabideak eta kontzesioak justifikatzeko agiri bakar bat onartu du.

Labels: ,


Bilatu ilanda.eu blogean

Bilatu ilanda.info gunean

Informazioa

Lizentzia

Sindikazioa

ilanda.eu bilatzaileetan

Agirre 50

Landa TB

Legealdiko plana 08-11

+ Getxo berritzen ari gara

Getxo EROSi ta GOZAtu

Merkatari plana

Argazki bildumak

Euskarazko errefrauak ausaz

Getxo garbia

Euskarazko produktuen katalogoa

GUZTIOK BAT

Egunkaria libre!

think gaur - Euskadi 2020

EAJ-PNV

Albisteak

Azaroak 25

.eus domeinua