“Gabon Bilbo!!!!!!, oso pozik nago gau honetan!!!!!!!”
Egilea: Imanol Landa. 2007/11/27. Ordua: 2:31 PM.
Horrela hasi zuen Springsteenek atzoko kontzertu izugarria, eta sentimental bat naizela esango didazue baina niri behintzat azaleko ileak, puntan puntan, laztu zitzaizkidan. Jakin badakit musikari ia guztiak horrelako keinuak egiten dituztela euren kontzertuetan bertako publikoa irabazteko baina, ze demontrez! horrek ez dio garrantzirik kentzen. Hor zegoen nire aurrean mundu globalizatu honen musika ikonorik inportanteenetariko bat, gure hizkuntza zaharra erabiltzen eta gainera ez zuen txarto egin.Momentu horretan zera etorri zitzaidan burura, “kanpotik etorri behar bertakoei zer dekogun erakusteko, benetan gauza bitxia” . Springsteen maisua da kontzertuak ematen, eskarmentu izugarria du honetaz eta beraz badaki publikoa nola irabazi. Jakin badaki, ze inportantea den hurbiltasuna lantzea lehenengo momentu horietan batez ere, eta horretarako ez zuen ez ingelesa ez gaztelera erabili, horretarako gure hizkuntza maitea erabili zuen ( gero, kontzertuan zehar gaztelera eta noski ingelesa erabili ba zuen ere) gure bihotzera zuzenean ailegatzeko, eta lortu zuen, bai lortu zuela!, nire kasuan behintzat.
Beste bi gogoeta etorri zitzaizkidan burura: alde batetik, nire aurretik BECean pasa ziren hainbat euskal politikari baino sentiberatasun gehiago adierazi zuela gure hizkuntzarekiko estatu batuar honek kontzertuan, bi ezaldi bakarrik esan bazituen ere, eta bestetik, ze garrantzitsua den herri gaurkotu eta prestatu bat izatea, bai infraestrukturen aldetik (BECez ari naiz hitz egiten kasu honetan) bai pertsonen formakuntza eta kualifikazioaren aldetik, mundu zabal eta globalizatu honetatik ibiltzeko eta bertan txikiak izan arren, gure kultura eta izaera bereziarekin tokitxo bat edukitzeko.
“Pozik nago gau honetan...”, baita ni ere Spreenting jauna, baita ni ere.
Labels: BEC, euskara, Springsteen











