Getxok eta BFAk oinarrizko errentaren jasotzaileak gizarteratzeko eta laneratzeko lehen hitzarmena sinatu dute
Egilea: Imanol Landa. 2009/07/27. Ordua: 1:01 PM.

Getxoko 54 pertsona izango dira Bizkaiko Foru Aldundiaren Lan eta Trebakuntza Sailak eta Gizarte Ekintza Sailak bultzatutako plan pilotu honen onuradunak. Egun 23.000 familiatik gora dira Oinarrizko Errenta jasotzen dutenak Bizkaian eta horietako gehienek lan merkatuan sartzeko aukera izango lukete, beharrezko laguntzak izanez gero. “Bizkaia inklusio aktiboaren alde” deritzon ekimenak sustapen pertsonaleko, trebakuntzako eta prestakuntzako mekanismo horiek eskaintzea du xede, onuradunei gizarte zerbitzuen eskaintza egokiarekin batera lan mundura sartzen eta oinarrizko errenta alde batera uzten lagungarri gerta dakien.
Getxoko Udala izan da Oinarrizko Errentaren jasotzaileak gizarteratzeko eta laneratzeko “Bizkaia inklusio aktiboaren alde” plan pilotua abiarazteko hitzarmena sinatu duen Bizkaiko lehen udala. Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Trebakuntza Sailak eta Gizarte Ekintza Sailak koordinatutako proiektu honek sustapen pertsonala, trebakuntzako eta prestakuntzakoa eskaintzea du helburu, pertsona horiei lan mundura sartzen lagungarri gerta dakien.
Gaur goizean sinatu dut hitzarmena Eusebio Larrazabal Enplegu eta Formaziorako diputatua eta Juan Mari Aburto Gizarte Ekintza Saileko foru diputatuarekin. Ekintza hau BBK eta hirugarren sektoreko Sortarazi, Emaús Bilbao, Red Social Coopera Gizarte Sarea, Gaztaroa-Sartu Elkartea eta Cáritas Bizkaiaren lankidetzari esker posible izan da.
Plan pilotu honek 336 pertsona izango ditu onuradun Bizkaia osoan, Oinarrizko Errenta jasotzen dutenen ehuneko 5 dena hain zuzen ere. Bizkaiko Lurralde Historikoan ia 23.000 famili unitate daude egoera horretan: 20 eta 65 urte bitartekoak dira eta Bilbo (Uribarri-Zurbaran, San Francisco-Abusu), Barakaldo, Getxo, Busturialdea, Bermeo eta Enkarterrietan bizi dira.
54 onuradun Getxon
Getxoko udalerrian zehazki 54 pertsonarekin lan egingo da zuzenean. Udal horretako gizarte zerbitzuek Lan eta Ekonomi Garapen Atalarekin lankidetzan aukeratu dituzte onuradunak. Aukeratutakoen ezaugarri nagusiak honako hauek dira: emakumezkoa, 25 eta 44 urte bitartekoa, atzerritarra, urtebete baino gutxiago darama Oinarrizko Errenta Orokorra (OEO) jasotzen eta ez du beste diru-sarrerarik. Aukeratutakoen artean 22k enplegu-gaitasuna sendotzeko eta lan-munduan sartzeko partaide bakoitzaren araberako ibilbideetan hartuko dute parte (informazio pertsonalizatua, ikasketarako eta lanerako orientabideak, oinarrizko eskumen zehatzetako trebakuntza, bekak, lan-praktikak). Bazterkeria eta mendekotasun arazo arruntak dituzten eta lan merkatutik urrun dauden beste 27 pertsonak osatzen dute bigarren taldea. Horiek lana bilatzeko lantegietan eta babestutako lan merkatuan sartzeko helburua duten bakoitzaren arabera prestatutako iraupen luzeko trebakuntza-ibilbidetan (malguak eta moduluka antolatuta) hartuko dute parte.
Hirugarren taldea bazterkeria eta mendekotasun arazo larriak dituzten bost pertsonak osatutakoa da. Horientzat maila pertsonalean zein familia mailan eragiteko xedea ezarri da, ibilbide sozio-pertsonalak eta lanbide-lantegiak landuko dira, antolaketa eta familia ingurua hobetzen laguntzeko neurrien bidez indartuta.
Partaideek euren beharrizanetara egokitutako gizarte zerbitzuen eskaintza zabala izango dute ibilbide guztian. Horretarako laguntza sozio-sanitario, osatu, familia eta gizarte integrazio, aisialdi eta aisialdi eta lege aholkularitza gaietan Getxon dauden zerbitzu eta baliabideen lehendabiziko mapa egin da, aukeratutako pertsonen ezaugarri zehatzak zehaztutakoan sendotu egingo dena.
Labels: Bizkaiko foru aldundia, blogetxo, getxoblog, Getxoko udala












Artikuluak duen iruzkin kopurua: 0 “Getxok eta BFAk oinarrizko errentaren jasotzaileak gizarteratzeko eta laneratzeko lehen hitzarmena sinatu dute”
Post a CommentPost honi egindako loturak
Create a Link