Getxo Antzokia eraikitzeko 1. faseko lanak datorren abuztuaren 11n martxan
Egilea: Imanol Landa. 2009/07/23. Ordua: 12:06 PM.


Getxo Antzokia eraikitzeko 1. faseko lanak datorren abuztuaren 11n jarriko dira abian, lanen akta sinatu eta gero. Fase horretan, hondeatze-lanak egingo dira, eta hor antzoki berria, Musika Eskola eta San Nikolas plazako aparkalekuak kokatuko dira. Fase horretako obrek hiru etapa izango dituzte: oinezkoentzat pasabidea Basagoiti etorbidean, jarduera Andres Cortina kalean eta antzokia, eskola eta aparkalekuak kokatzeko zuloaren hondeaketa. Lanak egiteko 16 hilabeteko epea eta 6.000.000 euroko aurrekontua izango dira. Era berean, obrak direla-eta, zirkulazioan aldaketak egingo dira inguru horretan abuztuaren 17tik aurrera, eta, behin lanak bukatuta, behin betiko geratuko dira.
Udalerria aldatzeko beharrezko proiektuan murgilduta gaude (metroa lurperatzea Maidagan-en, Gobela ibaiaren egokitze hidrologikoaren prozesua, Erromoko Kultur Etxea, BiscayTIK proiektua,…) , parekorik gabea azken hamarkadetan, eta hori beharrezkoa da XXI. mendera egokitzeko. Prozesu horrek, jakina, zarata, trafikoaren aldaketak eta antzeko arazoak dakartza, baina ahalik eta gehien gutxitzen ahaleginduko gara, horretarako beharrezko neurriak hartuta.
Obraren etapak
Lehen etapa lau hilabetekoa izango da, eta Getxo Antzokiaren orubea hesitu eta oinezkoentzako pasabidea jarriko da Basagoiti etorbidean, Telefonica eraikina baino zertxobait lehenago hasi eta San Nikolas elizako harmailadiraino (Etxeandia apezpikuaren kantoia); gainera, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokia izango da. Pasabide horri esker, oinezkoen trafikoa eten gabe geratuko da, eta, nahi duenak, obraren segimendua egin ahal izango du bertatik ikusita nahiz grafiko bidez (lehen fasean lurrean jarriko da eta hondeatze-lanak hasitakoan altxatu egingo da).
Bigarren etapan Andres Cortina kaleko lanak egingo dira; hau da, kaleko instalazioak mugituko dira eta fatxadara ekarriko dira, hirugarren fasean, parkinga eta Getxo Antzokia hartzen dituen perimetroa hesitu eta hondeatzen eta mikropilotatzen hasteko. Etapa hori 8 hilabete ingurukoa izango da, eta lurrak mugitu eta zaratarik handiena orduan aterako da. “Zarata gutxi ateratzen duen pilotaje-motako sistema hautatu dugu, ahal den neurrian, eragozpenak gutxitze edo arintze aldera”. azpimarratu du Hirigintzako zinegotzia den Joseba Arregik.
Obra honetako lehen etapetan, kamioiak Artibai kaletik aterako dira, eta, geroago, Algortako etorbide aldera ere aterako dira.
Trafiko-aldaketak abuztuaren 17tik aurrera
- Andres Cortina kalea oinezkoentzat jarriko da Andikoetxe eta Aretxondo arteko zatian (San Nikolas elizaren eta plazaren ondoan). Zati horretan, trafikoa erabat etengo da, garajeetara sartzeko eta beharbada beste zerbitzu batzuentzat izan ezik.
- Egungo noranzkoaren aurkako uhartea sortuko da Trinitatetik, Andikoetxen barrena Andres Cortinara bitarte, Andres Cortinatik San Martinera bitarte eta San Martinetik Trinitate aldera.
- Era berean, Trinitatea Telletxe kalearekin konektatuko da eta Telletxen noranzko bikoitzeko zati txiki bat izango da, Algortako Etorbidearekin konektatzeko.
- Maria Goiri kaleko zirkulazioaren noranzkoa aldatuko da, Telletxe eta San Martin artean.;
- Andres Cortina kaleko bi autobus-geltokiren ordez, beste bat jarriko da Andres Cortina kalearen eta Algortako Etorbidearen arteko gurutzagunearen ondoan. ;
Bidean egingo diren aldaketa horiek bideo batean erakutsi dira, eta puntako orduetako trafiko birtualaren azterketa egin da. A priori, emaitza ona izango dela azaldu da.
Komunikazioa, telefonoa eta e-maila indartzeko ekintzak
Gobernu-taldeak bizilagunekin, merkatariekin, elkarte kultural eta sozialekin eta abarrekin erregularki egindako zuzeneko bilerez gain (atzo bertan egin zen azkena gehien kaltetutako bizilagun eta merkatariekin), komunikazio-lanak gehitu egingo dira. “Gure asmoa da obrak bereziki kaltetutako bizilagunekin gertuko harremana izatea eta tarteka biltzea. Horretarako, onena aldian behin bilerak egitea izango da, lanak aurrera doazen heinean, eta haien iradokizunak eta eskaerak jasotzeko beharrezko bideak prestatzea. Obren faseak argi eta xehetasun guztiekin azalduko dizkiegu, luze irauteaz gain, aspergarriak izango baitira”. Horrela azaldu du Komunikazio eta Herritarren Arreta Saileko zinegotzia den Josu Loroñok.
Modu horretan, gaurtik hasi eta abuztuaren erdi aldera bitarte, Algortako udal merkatuan informazio-panelak jarriko dira bideetan hartutako erabakiak eta aukerak azaltzeko. Era berean, Udalaren web orrian leku espezifikoa prestatuko da lanen bilakaera ez ezik, herritarrentzat interesgarriak diren gaiak ere agertzeko. Dagoeneko badugu obren inguruko foroa, eta erabil daiteke.
Halaber, informazioa eskatzeko, iradokizunak aurkezteko eta abarretarako erreminta ezberdinak eskainiko dira; hala nola, telefono-linea (944660105), posta elektronikoa (getxoantzokialanak@getxo.net), iradokizunak egiteko eta informazioa eskatzeko postontzi fisikoa San Nikolas liburutegian, eta eskutitzak, abisuak, kartelak, e.a. zonako puntu estrategikoetan.
Labels: Getxo Antzokia












Artikuluak duen iruzkin kopurua: 0 “Getxo Antzokia eraikitzeko 1. faseko lanak datorren abuztuaren 11n martxan”
Post a CommentPost honi egindako loturak
Create a Link