Korrikak 14 kilometro beteko ditu Getxon datorren apirilaren 3an
Egilea: Imanol Landa. 2009/03/26. Ordua: 11:23 AM.
AEKk, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak antolatzen duen Korrika 16 datorren ostiralean, apirilaren 3an, 16:10ean sartuko da gure udalerrian Salsiduko etorbidetik (Berangorekin muga egiten duen tokitik), egun horretan euskararen aldeko jaia izanik berton. Horretarako eta Korrika Kulturalaren barruan izan diren ekitaldietarako Getxoko Udalak 6.000 euroko dirulaguntza jarri du. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta eguneroko lana indartzeko dirua biltzea helburuak dituen Euskal Herri osoan zehar egiten duen lasterketaren oraingo leloa “Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herirra” da. Martxoaren 26an Tuteratik eta apirilaren 5ean Vitoria-Gasteizen amaituko den lasterketak Getxon 14 kilometro beteko ditu, Andra Mari, Algorta, Neguri, Romo eta Areeta zeharkatuz, 17:30ak aldera Leioara abiatu aurretik. Korrikak, besteak beste, honako kale hauetatik igaroko da: Zubiak, Oiarretxe, Ormaza, Aingeruko etorbidea, Bidezabal, Sarrikobaso, Algortako etorbidea, Telletxe, Villamonte, Makaletako etorbidea, Neguri Langile, Mesede, Nagusi, Ibaiondo eta Santa Eugenia.
Aurrekoetan bezala, oraingoan ere, besteak beste, sindikatuen, lan, hezkuntzako eta kultur arloetako ordezkariek eramango dute lekukoa.
Korrika Jaia
Korrika igaro ondoren, jaia izango da Romoko Santa Eugenia Plazan hainbat ekitaldirekin. Arratsaldeko 18:00etan umeentzako euskaraokea izango da Txatxilipurdi taldearen eskutik; 19:30ean Tor magoaren emanaldia izango da eta 20:30etik aurrera erromeria Lisker taldearekin.
Bestalde, Korrika kulturala dela eta udalerrian antolatutako ekitaldiei dagokienez, ostegunean, apirilaren 2an, Hudaltzainak ikuskizuna izango da Algortako The Piper´s tabernan. Anitza da hiru laburmetrai aurkeztuko baitituzte, besteak beste, Asier Hormazaren, Ander Lipusen eta Porrotx pailazoaren partaidetzarekin. Horrekin batera, Etxahun Lekuek, Arkaitz Estiballesek eta Fredi Payak bertsoak botako dituzte, musikariez lagunduta, baina ez ohiko doinuekin kantatuta. Musikarien buru Josu Martinez eta Txaber Fernandez dira.
Argazkia: Jagoba Manterola (Argazki Press) / Berria












Artikuluak duen iruzkin kopurua: 0 “Korrikak 14 kilometro beteko ditu Getxon datorren apirilaren 3an”
Post a CommentPost honi egindako loturak
Create a Link